2015-2019

LEGEGINTZALDI PLANA

Herria gozatu

Disfruta Errenteria

Jarraian, 2015-2019 Legegintzaldiko Planeko proiektu garrantzitsuenak soilik aipatzen dira, baina guztiak eskuragarri daude www.errenteria.eus webgunean. Proiektu hauek Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren logikaren eta ikuspegiaren baitan kokatu behar dira. Izan ere, Plan estrategiko hori prestatzeko prozesu parte-hartzailean herritarrek eta udalerriko esparru politiko, sozial, kultural eta ekonomikoko ordezkari ugarik hartu zuten parte (guztira 268). Udalerrian aldaketa sakon bat behar genuen adierazle kezkagarriei buelta emateko. Hausnarketa estrategiko bat egin behar zen arlo politikoaz haratago, luzera begirakoa, horrela soilik eralda baitaitezke egitura-arazoak. Hemen azaltzen diren proiektuek, hain zuzen ere, hausnarketa estrategiko hori garatzen dute, eta Errenteria 2025erako prozesuan kokatzen dira.

1
ERRENTERIAREN ERALDAKETA SUSTATZEA,
GARAPEN SOZIOEKONOMIKOA IZAN DEZAN

HELBURUA:

Errenteriak hausnarketa sakona behar zuen, garapen sozioekonomikoko aukera aurkitu behar zen 1980 eta 90eko hamarkadetako industria astunaren gainbeherari aurre egiteko. Hausnarketa hori Errenteria 2025 Plan Estrategikoarekin egin da, eta finkatu da Errenteriak etorkizuna izango badu, ekonomia kreatiboa sustatzen duten politikak gauzatu behar direla.

KONPROMISOAK:

ANGEL DE LA GUARDA ZENTROA, INDUSTRIATEKNOLOGIA AURRERATUA: Abenduan jarriko da abian industria-teknologia aurreratuko mintegia, Angel de la Guarda zentroan, Errenteriako Udalak, Oarsoaldea S.A.k, Tknikak eta Don Boscok iaz sinatutako hitzarmenari esker. Proiektu honen helburua da unibertsitateko eta lanbide-heziketako ikasleei laguntzea lan- eta enpresa-arloko ideiak garatzen.

Torrekua

TORREKUA: HABIAN! FABRIKA KREAKTIBOA / TEKNOLOGIA KREAKTIBOA: 2016ko apirilean Torrekuan lankidetzako elkarlaneko espazio bat egongo da teknologia berrien eta ofizia kreatiboen inguruko proiektuak gauzatzeko. Helburua da baliabiderik ez duten ekintzaileei beren proiektuak abian jartzeko eta garatzeko behar dituzten espazioa, makinak eta laguntza ematea, epe jakin batean. Zentroan 30 pertsona egongo dira.

Lekuona

LEKUONA, ARTE ESZENIKOEN FABRIKA: Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Lekuona fabrikan Arte Eszenikoen Zentroa eraikitzen ari gara; amateurrek eta konpainiek dantza eta antzerkia sortzeko fabrika izango da, Euskal Herriko erreferentzia. Lekuona Errenteriaren bilakaeraren ikono bihurtu da, industria astunetik ekonomia kreatibora pasatu den hiriaren erakusgarri.

HIRIGUNE HISTORIKOA BIRGAITZEA ELEMENTU ERAKARGARRIA IZAN DADIN: Errenteriako hirigune historikoa birgaitzeko asmo handiko plana egingo dugu auzokoen laguntzarekin, udalerriko puntu erakargarri izan dadin. Plan honek eraikuntzaren esparruko lan espezializatua sortuko du.

MERKATARITZA BIZIBERRITZEKO PLAN BEREZIA: Errenteriak zerbitzuen sektorea indartu behar du eta erreferentziako eta kalitatezko espazio bihurtu, azterlanen arabera, sektore hori baita gure jarduera ekonomikoan garrantzitsuena. Hartara, sektore eragileekin batera, Errenterian Merkataritza Biziberritzeko Plana idatziko dugu.

ENPLEGU-PLANAK: Konpromisoa hartzen dugu urtero 500.000 euroko partida bat bideratzeko lan-munduan txertatzeko laguntza behar dutenak kontratatzera.

Merkatua Niessenen

2
PERTSONAK BABESTEA,
gizartea kohesionatzeko eta garapen iraunkorrerako elementu direlako

HELBURUA:

Gizarte baten garapen-maila, adierazle ekonomikoez gain, adierazle sozialekin ere neurtzen da. Gizarte batek pertsonak babesteko duen gaitasunak adierazten du gizarte horren kohesio-maila, eta garapen sozioekonomiko handiagorako bide ematen du. Hartara, ez da garapen sozioekonomikorik izango babesik edo gizarte-kohesiorik gabe, eta ez da gizartebabesik izango garapen sozioekonomikorik gabe ere.

KONPROMISOAK:

GIZARTE-LARRIALDIKO LAGUNTZAK BERMATZEKO KONPROMISOA: Gure gain hartzen dugu gizartelarrialdiko laguntzak bermatzeko konpromisoa, bai eta Eusko Jaurlaritzak guztiz estaltzen ez dituenean ere (bere eskumena da eta lehen ere egon izan gara egoera horretan).

GIZARTE ZERBITZUEN AHOLKU-KONTSEILUA SORTZEA: Herritarren parte-hartzea duen aholku-kontseilu bat sortu behar da gizarte-zerbitzuen esparruan, administrazioak etorkizunean pertsonak babesteko izango duen erronka izugarriari erantzuteko. Geroz eta premia sozial gehiago ditugu, eta geroz eta ahalegin handiagoa egin behar dugu horiei erantzuteko. Ezin zaie premia horiei guztiei erantzun hirugarren sektoreko elkarteen parte-hartzerik gabe.

GIZARTE-ERALDAKETAKO PROIEKTU PILOTUA: Proiektu hori jada abian da Iztieta auzoan. Helburua da pertsonen babesa ulertzea zentzu integral eta transbertsalean. Ekintzaplan hau hainbat esparru hobetzeko erronkari erantzuteko xedearekin jarri da abian: espazio publikoa, auzoaren irudia, merkataritza biziberritzea, elkarbizitza eta pertsonen premiak. Horretarako, bulego bat zabaldu da Iztieta auzoan.

Iztietako auzoa

KULTURA-ANIZTASUNA ETA JATORRI-ANIZTASUNA: Harrera protokoloa inplementatzeko lanean ari gara eta elkarbizitza, integrazioa eta errespetuaren aldeko hezkuntza landuko dugu, topo egiteko eta elkarren ezagutza sustatzeko guneak eta aukerak sortuz.

UDAL HIZKUNTZA POLITIKA: Datozen lau urteotan herritar gehiagok izan dezala euskara ikasteko aukera nahi dugu. Horretarako, doakotasunaren bidean, tasak modu progresiboan merketuko ditugu.

ETXEGABETZEAK ETA ENERGIA-POBRETASUNA: Doako zerbitzu bat jarriko dugu energia-pobretasunean edo etxea galtzeko arriskuan dauden pertsonei aholkua eta laguntza emateko.

Langabezi Bulegoa

3
PERTSONENTZAKO INGURUNEA

HELBURUA:

Hiri baten espazioa kudeatu behar da pertsonei ahalik eta bizi-kalitate onena eskaintzeko moduan. Hiriko espazioan eragiten duten udal-politikek babes eta kohesio soziala izan behar dituzte helburu, sexu-berdintasuna, garapen iraunkorra, bizi osasungarrirako espazioak, mugikortasun-arazoak dituenentzako irisgarritasuna eta erakargarriak eta bereziki interesgarriak izan daitezkeen espazioak sustatzea.

KONPROMISOAK:

HONDAKINEN % 60 GAIKA BILTZEA: Hondakinei buruzko ordenantza berria prestatuko dugu eta Europar Batasunaren jarraibideak betetzeko beharrezko neurriak jasoko ditu.

ENERGIA JASANGARRIRAKO EKINTZA-PLANA BETETZEA: 2012an bat egin ondoren Alkateen Europako Itunarekin, neurriak ezartzen ari gara berotegi-efektuko gasen isuriak % 20 murrizteko 2020rako, eraginkortasun energetikoko neurriak % 20 handitzeari eta energia berriztagarrien erabilera % 20 igotzeari esker.

Mantenuko eraikina

ALABERGA GOIA ETA BEHEA LOTZEKO IGOGAILUA ERAIKITZEA: 2016an hasiko dira Alaberga Goia eta Behea lotuko dituen igogailua eraikitzeko lanak, eta 2017an amaituko dira. Halaber, beste aukera batzuk ere aztertuko ditugu, adibidez, igogailu bat jartzea Pontika eta Igantzi lotzeko, edo Galtzarabordan edo Beraunen.

OLIBETEN ETA IGANTZIN APARKALEKUAK EGITEA: Doako aparkaleku berriak egingo ditugu Olibeten 140 ibilgailurentzat, eta Igantzin, 35 ibilgailurentzat.

BARANDIARAN PARKEA EGITEA ETA ARRAMENDI PARKEA HOBETZEA: Konpromisoa hartzen dugu Barandiaran parkea egingo dugula, proiektua herritarren parte-hartzearen bidez definitu ondoren. Halaber, Arramendi parkea birdefinituko dugu, espazioa eta erabilera hobetzeko.

Alaberga goia proiektua
Oiartzun Ibaia Hobetzea

OIARTZUN IBAIA HOBETZEA: ONDARTXON JARDUKETAK BURUTZEA ETA FANDERIA INTERPRETAZIOZENTROA ERAIKITZEA: Onartu berri den Oiartzun Ibaiaren Paisaiaren Planean ezarritakoa betez, ibaiaren azken zatian —Ondartxo— jarduketa garrantzitsuak burutuko dira eta interpretaziozentro bat eraikiko da Fanderiako errotan.

BERAUNGO FUTBOL ZELAIA ETA ATLETISMO-PISTA GUZTIZ BERRITZEA: Beraungo futbol-zelaia eta atletismo-pista hartzen dituen estadioa guztiz berritzeko lanen aurrekontua 1.900.000 € da eta lanak faseka gauzatuko dira. Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari diru-laguntzak eskatuko dizkiegu.

UDAL-KIROLDEGIA HANDITZEKO PROIEKTUA: Errenteriak historikoki ez du kirol-instalazio nahikorik izan kirol-elkarteen beharrei erantzuteko. Gure lehentasuna da udal-kiroldegia handitzea.

ATERPETXE BAT ERAIKITZEA: Proposatzen dugu oraingo liburutegia Niessenera eramaten denean udal-aterpetxe bat eraikitzea liburutegiaren egungo instalazioetan, gure udalerriko ostatu-gabezia handia konpontzearren.

4
KREATIBITATEAN HEZI, ERALDAKETA GAUZATZEKO

Helburua:

Beren gaitasunak garatzen eta sormena lantzen duten balioetan hezi behar ditugu pertsonak, horixe baita gizarte-eraldaketarako armarik onena. Pertsona aktibo eta dinamiko ahaldunduak nahi ditugu bizitzaren arlo guztietan, beren etorkizunaren jabe diren pertsonak. Prestakuntza eta trebakuntza eman behar dizkiegu, gizarte-eraldaketarako espazioak sor ditzaten hezkuntza formalean nahiz ez-formalean.

Konpromisoak:

EMAKUMEEN ETXEA: Adin, jatorri eta klase sozial ezberdinetako emakumeen arnasgunea izango den etxea eraiki nahi dugu. Emakumeek emakumeentzat diseinatu eta egikarituko duten espazioa sortu nahi dugu, horretarako beharrezkoak izango diren partehartze prozesuak aktibatzeko konpromisoa hartuz.

GAZTE PLANA: Haur eta gazteak ahalduntzea eta gure herriaren eraikuntzan subjektu aktibo bilakatzea du helburu plan honek. Hiru adin-tartetan banatuta, prozesu partehartzaileak jarriko ditugu martxan. Herriko jolasparkeen egoera, aisialdi eskaintza, emantzipazioa, lan munduratzea... eta beste hainbat arloren inguruan hausnartu eta eztabaidatu, hutsuneak identifikatu eta aurrera begirako erronkak zehazteko.

Gazte plana
Udal liburutegia

LIBURUTEGI BERRIA: Kultura oinarrizko eskubide sozial gisa ulertzen dugu. Kulturaren gune nagusiak ditugu liburutegiak, aipatu dugun ahalduntzea eta formakuntza sustatzeko guneak. Horregatik gure herriko erdigunean liburutegi berri bat egingo dugu, XXI. mendeko beharrei erantzungo diena.

ESKOLA KONTSEILUA ETA HEZKUNTZA PLANA: Ikastetxe guztien ordezkaritza batuko duen kontseilua abiatu dugu, herriko hezkuntzaren errealitateaz hausnartu eta datozen urteei begirako erronkak zehazteko asmotan.

BERAUNGO KULTUR ETXEA: Pasa den legegintzaldian hartutako konpromisoari jarraituz eta gure herritarren eskubideak bermatze aldera ez dugu erdialdean gelditu nahi eta Beraunen kultur etxe bat sortuko dugu. Bertan liburutegi zerbitzuaz gain ekintza kultural aberatsa sustatuko dugu.

5
ADMINISTRAZIO BERRIA, ERRONKA BERRIEI AURRE EGITEKO

Helburua:

Administrazio eraginkorra izan behar da sektore publikoaren pribatizaziorako joerari aurre egiteko; badakigu, eta horrexegatik, gure erronka garrantzitsuenetako bat administrazio eraginkorra sortzea, herritarren beharrei erantzuteko gai dena gardentasunez, hurbiltasunez eta eraginkortasunez, administrazioa pertsonen beharretara egokituta, eta ez alderantziz.

Harrera hobetu

Konpromisoak:

HERRITARREN ARRETARAKO ZERBITZUA ABIAN JARTZEA: Herritarren arretarako zerbitzua abian jarriko dugu, goizeko eta arratsaldeko ordutegiarekin, herritarren eskaerei azkar eta eraginkortasunez erantzuteko. Leihatila bakarreko zerbitzua sortuko dugu; prozedurak sinplifikatuko dira eta erantzun-denbora gutxituko.

AUZOKO UDALTZAINEN PROGRAMA SUSTATZEA: Auzoko udaltzainekin ikusi dugu herritarrengandik gertu egoteari esker zerbitzuaren kalitatea hobetu dugula eta prebentzioko jarduera gehiago burutzen ditugula. Udaltzaingoaren zerbitzua proaktiboa da, erreaktiboa beharrean.

HERRITARREN SEGURTASUNEAN PARTE HARTZEKO KONTSEILUA SORTZEA: Herritarren segurtasunari dagokionean, prebentzioaren alde egiten dugu, eta horrek esan nahi du politika transbertsalak aplikatu behar direla eta polizia-politika soilak baino haratago joan. Horretarako, Herritarren Segurtasunean Parte Hartzeko Kontseilua eratuko dugu, Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin batera, Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, Hezkuntza eta beste hainbat departamentu nahiz esparru horietan jarduten diren kolektibo edo elkarteak bilduta.

HERRITARREN PARTE-HARTZERAKO BITARTEKOAK UGARITZEA: Pertsonak herritar gisa jarduteko bideak sortzen jarraituko dugu, alegia, errealitate politikoa eta soziala sortzeko eskubidea baliatzeko espazioak.

GARDENTASUNAREN ATARIA SORTZEA: Administrazioak gardena izan behar du, eta herritarrek eskubidea dute informazio publikorako sarbidea izateko; horregatik sortuko dugu gardentasunaren ataria.